Aurkezpena / ¿Quienes somos?

Aurrekariak

80ko hamarkadan Goierriko Zine Kluba taldeak Ordizian egin zituen emanaldiak. Bertan zebilen jendea ez zen Ordiziakoa bakarrik, eskualdekoa baizik. Garai hartan Donostiako Zinemaldiak herriz herri ibiltzen zen atal bat zuen “Barrios y pueblos”. Horietariko bat Ordizian eskaintzen zuten. Emanaldi horien inguruan bildutako jendeak sortu zuen Goierriko Zine Kluba.

Goieniz

1995ean Beasaingo Usurbe zinema aretoa martxan jarri berria zen eta aurreko hamarkadan Goierriko Zine Klubean ikusle izan ziren lagun batzuk, eta antolatzaile izandako bakarren bat elkartuta, Goieniz sortu zuten.

1995eko martxoaren 2an, Sergio Cabrera zuzendariaren “La estrategia del caracol” filmarekin estreinatu zen Goieniz zinekluba.

 cartel-la-estrategia-del-caracol_1.JPG

Kalitatea eta aniztasuna

Zineklubak gai sozial eta gizatiarrez diharduten filmak ikusteko aukera ematen dio jendeari. Ondorioz, esan genezake, zine klubeko filmek balio erantsi bat dutela, eta zine komertzialek ematen ez duten munduaren begirada desberdin bat eskaintzen dutela. Era berean, film alternatibo eta egile zinemari garrantzia eta lekua ematen zaio.

Lehenik eta behin zinea gustatzen zaigu Goienizko partaideei. Zinea ez dugu ikuskizun soil bezala ikusten. Kulturaren aberasgarri izan daitekeela uste dugu. Oinarri horrekin Goierri eskualdean kalitatezko zinema eskaintza zabala programatzea da Goienizen helburua. Filmak aukeratzerako garaian hiru irizpide ditugu: kalitatea, herrialde eta estilo aniztasuna.

Munduko toki ezberdinetako pelikulak ekartzen saiatzen gara. Zinea ere izan dadila beste herrialde batzuk ezagutzeko tresna.

Urte guzti hauetan zehar antolakuntza taldean belaunaldi ezberdinak sartzen joan dira, guztira 20-25 lagun aritu gara lan horretan. Gaur egun 5-8 pertsonek hartzen dugu parte taldean.

Urteko emanaldiak

Urritik Ekainera bitartean proiektatzen ditugu filmak hamabostean behin, astearteetan 20.15-etan.

Aukeratzen ditugun filmak berriak izaten dira, karteldegian atera berriak edo hilabete gutxi daramatzatenak. Eta herrialde desberdinetako gai anitzak erakusten dituzten kalitatezko filmak dira; orokorrean difusio edo publizitate haundia edukitzen ez dituzten filmak.

Horrez gain, Abenduan film laburren jaialdi bat antolatzen dugu: Gau Laburra. Jaialdiaren helburuak hemengo zinegile gazteen lanak ezagutzera ematea eta urteko lanik interesgarrienak erakustea dira. Bi film labur saritzen ditugu bertan.